84. zenbakia Hermes aldizkaria: La guerra y la constitución del primer Gobierno vasco

Josu Erkoreka y Eugenio Ibarzabal analizan, cuando se cumplen 90 años de su constitución, la labor del primer Gobierno vasco

Arantxa Tapia: “EAJ/PNV en la Guerra civil y el lado correcto de la Historia”

Prezioa: 5,00 

23 in stock

Museoaren bazkide edo laguna ez bazara:
Salneurri bereziak izateko, egin zaitez bazkide.

Museoaren bazkide edo laguna bazara:
Aukera ematen duten produktuetan aukeratu “Museoaren bazkide edo lagunentzako salneurria”, prezio bereziak izan ahal izateko.
Ordainketa egitean, bazkidearen datuak eman beharko dira. Datuak bazkide aktibo bati atxiki ezin bazaizkio, eskaria bertan behera geratuko da.

2026an laurogeita hamar urte beteko dira Euskadiren eta Estatuaren historia garaikidean eragin sakona izan zuten bi gertakari jazo zirenetik: batetik, Gerra Zibilaren eztanda eta, bestetik, Jose Antonio Agirre jeltzalea buru zuen lehen Eusko Jaurlaritzaren eraketa. Bi urteurren horien kariaz, sasoi nahasi bati buruz –gerra fratizida guztiek garai nahasiak dakartazate– hausnartzeko aukera izango dugu; gerran izugarrikeria ugari egin ziren, baina euskaldunok itxaropen-aldi labur batez gozatu ahal izan genuen autogobernuari esker. Alabaina, porrot militarrak kolpetik irentsi zigun itxaropena eta, hainbat gaiztoago, lau hamarkada iraun zuen diktadurak.

Hori horrela, Sabino Arana Fundazioak argitaratzen duen Hermes pentsamendu- eta historia-aldizkariak Euskal Herriko historia hurbileko bi gertaera garrantzitsu horiek aztertzeari eskaini dio azken zenbakia.

84. zenbaki honetan, Josu Erkorekak (Diputatuen Kongresuko diputatua 2000-2012 aldian eta Eusko Jaurlaritzako sailburua 2012-2024 aldian) eta Eugenio Ibarzabalek (Eusko Jaurlaritzako bozeramailea 1985 eta 1987 artean, ekonomialaria eta kazetaria) elkarrizketa zorrotz eta atsegin batean jardun dute aldizkarian argitaratzeko. Elkarrizketa horretan, 1936ko lehen Eusko Jaurlaritzaren eraketa eta gobernu horrek Gerra Zibilean eta erbestealdian izan zituen erronka etiko eta logistiko izugarriak aztertu dituzte.

Aitziber Atxutegi kazetariak gidatutako solasaldian, Erkorekak eta Ibarzabalek Agirre Lehendakariaren autoritate morala nabarmendu dute, agintariak giza duintasuna eta ordena publikoa lehenetsi baitzituen, bestela esanda, gerraren «humanizazioa» sustatu zuen, muturreko indarkeria piztu zen unean. Era berean, hasierako erregulazio falta jorratu dute, eta horren gabezian, bat-bateko erabakiak, baina oso burubide erabakigarriak hartu behar izan ziren, hala nola milaka errefuxiaturen kudeaketa eta horniduren kontrola. Erkorekaren eta Ibarzabalen arteko elkarrizketaren funtsezko gaietako bat Santoñako Ituna da, horren benetako helburua bizitzak salbatzea izan baitzen, iparraldeko frontean, gerra egiten segitzeko modurik ez zegoelako. Mintzaldian azaldu dutenez, gobernu hark gizarte-politika aurreratu baten oinarriak ezarri zituen, harrigarriki modernoak iruditzen zaizkigun etxebizitza-politikak eta kontrol ekonomikoko neurriak ezarri zituela. Labur-zurrean esanda, Erkorekak eta Ibarzabalek biziraupen demokratikoko eta erantzukizun instituzionaleko jarduntzat aurkeztu dute aldi hura, tragedia humanitario baten erdian.

Azken zatian, solaskideek gogoeta egin dute neurri horien indarraldiari buruz. Josu Erkorekak nabarmendu du, gerra garaian ere, Leizaolak unibertsitatearen sorrera bultzatu zuela, gatazkatik harago, herria eraikitzeko borondatea erakutsita. Normaltasun instituzionala ere landu zen udalak berrituz eta epaileak izendatuz.

Hainbat familia politikok (Francorekin bat egin zuen eskuin monarkikoa izan ezik) batera jarduteko eta, sasi guztien gainetik, giza duintasunari oratzeko gaitasun horrek orainaldian funtsezko ikasbidea izaten jarraitzen duela ondorioztatu dute.

Era berean, 84. zenbaki honetan, historialariek, ikertzaileek eta memoria historikoaren gaineko adituek Euskadiko gerrari (1936-1937) lotutako hainbat gai jorratu dituzte, modu osagarrian. Horietako batzuek historia militarra aletu dute, beste batzuek errepresioa, beste batzuek gizaldeko diplomazia eta zenbaitek oroimena eta erreparazioa.

Hala, Aitor Miñambres Berangoko Burdin Gerrikoaren Oroimenaren Museoko zuzendariak Euskadiren defentsak ekarri zuen giza galera eta baliabide militarren kostua azpimarratu ditu. Miñambresek autogobernuaren eta askatasunaren alde borrokatu zutenen memoria berreskuratzearen garrantzia aldarrikatu du, erresistentzia hura guztiz apalarazten edo desitxuratzen duten diskurtso errebisionisten aurrean.

Fernando Mikelarena historialari eta Zaragozako Unibertsitateko irakasleak 1936ko udan eta udazkenean Nafarroan izan zen errepresio politikoa ekarri du gogora. Mikelarenaren iritziz, Foru Erkidegoan ezarri zen errepresio politikoa ez zen kontrol ezagatik suertatu, «militarrek, karlistek eta falangistek aldez aurretik diseinatutako estrategiagatik, prestaturiko zerrenden, atxiloketa sistematikoen eta planifikatutako erailketen ondorioz».

Rémi Bernis Arruek, UPV/EHUko Historiako doktoreak, gerra garaian, Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan izan ziren gizarte-moldeen eta ideologien berregituraketak aztertu ditu, eta EAJk nahiz Komunio Tradizionalistak lurralde guztietan izan zuten hedapen azkarra nabarmendu du. Gerrak Euskal Herrian urtebete pasatxo iraun bazuen ere, aliantza eta aurkaritza bitxiak gertatu ziren, dinamika historiko konplexuen adierazgarri, kasurako, foruen interpretazioaren inguruan. Gobernuaren eta armadaren (Eusko Gudarostea) eraketan, EAJ alderdiak bete zuen eginkizuna azpimarratu du Bernis Arruek, baita memoria kolektiboa gorpuztu zuten tirabira ideologikoak eta bizipen  traumatikoak ere.

Bestalde, Historia Garaikideko doktore Patxi Agirrek humanitarismoaren gaia landu du, gatazka beliko betean dagoen printzipio politiko gisa. Agirrek dio Eusko Jaurlaritzak gerra humanizatzeko politika aurrendaria bultzatu zuela, eta azpimarratu du Manuel Irujok, Errepublikako ministro eta EAJko buruzagi zela, bizitzak salbatzeko lan egin zuela, inolako bereizketa ideologikorik gabe, bai eta kartzeletako baldintzak hobetzeko eta presoen trukea sustatzeko ere, pertsonaren duintasuna printzipio behinen bihurtuta, gerra betean ere.

Eta Teresa Usaolak, Saibigain 1937 elkarteko presidente eta EAJ alderdiaren Arana Goiri batailoiko Bediaga komandantearen ilobak, memoriarekiko konpromisoa eskatu du, oroimena aitortza eta erreparazio bihurtzen duen justizia demokratiko legez ulertuta.

Era berean, Sabino Arana Fundazioaren presidente Arantxa Tapiak gogorarazi du Gerra Zibilean eta Bigarren Mundu Gerran, EAJ-PNVk eta Jose Antonio Agirre lehendakaria buru zuen Eusko Jaurlaritzak askatasunaren, justizia sozialaren, demokraziaren eta giza eskubideen balioekin hertsiki lotutako euskal kausa nazionala defendatu zutela, eta printzipio horiek guztiak, mundu-gerra amaitu ostean, sendotu egin zirela Nazio Batuen nazioarteko ordenaren bidez.

Argitaratze-aldi berria

Azkenik, aipatu beharra dago 84. zenbaki honekin batera, Hermes pentsamendu eta historia aldizkariak argitaratze-aldi berriari emango diola hasiera, diseinu berria eta kolaboratzaile berriak izango dituela. Horien artean, Asier Iturralde marrazkilaria izango dugu kolaboratzaile, eta argitalpen bakoitzean marrazki bat eskainiko digu gaurkotasunari buruzko ikuspegi grafiko zorrotza emanda. Asier Txistu lanaren sortzaile Abdon Gonzalez de Alaizaren ondorengo zuzena da. Gerraren eta diktaduraren erasoa jasan eta gero, gaur egun bizirik dugun kultur ondare baliogabea da Txistu.

Iturralderekin batera, Iñaki Bermudez musikaria, nazioarteko saxofoi-jotzaile eta bakarlaria, musika garaikidearen interpretazioaren ikertzaile eta doktoregaia etorri da gure familiara, egungo soinu-egoeraren kadentziaz eta pentsamenduaz hitz egitera. Eta kolaboratzaile bikain horietan, Joseba Lopezortega historialaria dugu hirugarrena, EHUko Geografia eta Historiako lizentziaduna eta Zinebi jaialdiaren egungo zuzendaria. Kulturari eta ikus-entzunezkoen sektoreari hertsiki loturik dagoen Josebaren ibilbide luzeari esker, ezinbesteko ikuspegia eskainiko digu gure garaiko narratiben nondik norakoak ulertzeko.

Title

Go to Top