Euskararen etorkizuneko erronkak eta euskal hiztunen datorren hamarkadako lehentasunak gogoetagai Hermes aldizkariaren hurrengo zenbakian
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, hurrenez hurren, euskararen eta euskal kulturaren arloko ordezkari esanguratsuekin batera, datozen hamar urteotako hizkuntzaren eta euskal hiztunen elkartearen etorkizuna aztertu dute Hermes aldizkariaren azken alean (73. zenbakia).
Hori guztia joan den uztailean Euskaltzaindiarekin elkarlanean antolatutako mintegi baten emaitza da. Hausnarketek zirrimarratu dituzte Eusko Jaurlaritzak jorratu beharko dituen hizkuntza-erronka garrantzitsuenak, hezkuntza-politikaren aurreikuspenak eta euskal kulturgintzaren lehentasunak. Azken batean, «gizarte berria, modernoa, eraldatzailea, konprometitua eta euskaldun eleanitzez osatua izango da. Munduari irekitako gizartea, herrialde berritu eta berritzailea», adierazi Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidenteak.
Zupiria eta Bildarratz sailburuez eta Mireia Zaratez, honako hauek parte hartu dute 73. ale honetan: Xabier Barandiaran, Soziologiako doktorea eta Deustuko Unibertsitateko Soziologiako irakaslea; Nagore Ipiña, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa; Jorge Gimenez, itzultzaile eta idazlea; Eva Rodriguez, Durangoko San Jose Jesuitak ikastetxeko zuzendaria; Elixabete Larrinaga, Politika eta Administrazio Zientzietako doktorea eta unibertsitateko irakaslea; eta Josune Zabala, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria.
Elkarrizketan, Bernardo Atxagak dio «euskararen eta Herriaren sekretua euskal gizarteak hizkuntzari ematen dion balioan dagoela»; Atxagaren esanetan, baina, «balio hori, batzuetan, ikusezina da». Halaber, oso jakingarriak dira idazleak Irulegiko eskuari buruz egindako hausnarketak, «ustekabeko oparitzat» jota. Eztabaida eta erabilera politikoez gain −azken finean, hizkuntzarekin ere nahasten direnak−, «beharko genuke euskaldunok, beharko lituzke euskarak haren jatorria, antzinatasuna, berezitasunak eta abar berretsi?» galdetu dio bere buruari.
Gabriele Muguruza artistak (Donostia, 1992) egin du Hermes aldizkariaren 73. ale honen lan grafikoa.