Ardanza Lehendakariaren jaraunsletza gogoan Hermes-en
Egungo Lehendakari Imanol Pradalesi egindako lehen elkarrizketa ere jasotzen du Hermes aldizkariaren 80. zenbakiak
Jose Antonio Ardanza Garro Eusko Jaurlaritzako lehendakari aurrenekoz izendatu zutenetik 40 urte bete direla eta, zendu zenetik urtebetera, Hermes aldizkariak gai gakarreko ale batean jaso nahi izan ditu Ardanzaren gobernuetako ordezkari politikoen, kazetarien eta Lehendakari ohiaren garai hartako kolaboratzaileen oroitzapenak.
Orriotan, Ardanza Lehendakariaren lorpenei buruzko kontakizunak Herri honen historiaren eta etorkizunaren funtsezko alderdi baten berri ematen du. Alabaina, lorpen horien atzean, badira Ardanzaren nortasunaren hiru ezaugarri, utzitako ondareari jasa ematen diotenak. Hasteko eta bat, ekonomiaren inguruko prestakuntza aurrekaririk gabeko krisi bati aurre egiteko eta, industriaren errautsen gainean, gizarte-eredu berria suspertzeko, are kulturalago, europarzaleago eta oparoagoa. Bigarrenik, agintariaren ikuspegi humanista eta kristau- heziketari lotutako printzipioak; horiek bultzatu zituzten, aurrendaritza sendoz Europan, elkartasun-izaera zerien legeak, gizarte-desberdintasunak eta bidegabekeriak alboratuta, elkarrekin eta batera haztea helburu zutenak. Eta, azkenik, gizartearen zati baten ameskeriari aurre egiteko ahalegina, beste biak bezain garrantzitsua, sasoi hartan, indarkeria endemikoa, berdinen arteko bizikidetza odolez lohitzen zuena, zabal onartzen zutelako gutxi batzuek.
Jon Azuak, Juan Ramon Guevarak, Juan Mari Atutxak, Mari Karmen Garmendiak, Bingen Zupiriak, Ana Urtiagak, Ramon Jauregik eta Luis Aizpeoleak Ardanzak urte horietan egindako lana eta nortasuna aletu dituzte.
Horrez gain, egungo Lehendakari Imanol Pradalesi egindako lehen elkarrizketa jasotzen du Hermes aldizkariaren 80. zenbakiak; Pradalesek ere Ardanzari buruzko gomutaz eta egungo egoeraz berba egiteko baliatu du.